Berri guztiak

Gizarte kolektibo ezberdinentzat prezio bereziak

25 urte arteko gazteei zuzenduriko eskaintza bereziari esker, maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango ikastaro bakoitzeko.

UPV/EHUko Uda Ikastaroetako eskaintza askotariko profilei zuzendurikoa da. Gizarteko arlo guztietako eragileen eta herritar ororen elkargune dira Uda Ikastaroak eta, guztiei ezagutzarako sarbidea erraztu asmoz, kolektibo ezberdinen ezaugarriak kontutan hartzen dituen prezio politika du Uda Ikastaroak antolatzen dituen UPV/EHUren Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK)

Askotariko gizataldeei zuzenduriko laguntzak  

Gazteei bezala, arreta berezia eskaintzen zaie askotariko gizataldeei:  %15eko beherapena dute matrikula egiterakoan, adibidez, prestakuntza arautuko ikasleek, Lanbiden edo SEPEn inskribatuta daudenek, adinagatik pentsioa jasotzen duten herritarrek, ehualumni sareko UPV/EHUko ikasle ohiek, kategoria orokorreko familia ugariek, irakasle-ikertzaileek eta AZP eta UPV/EHUko ikasleen praktiken programen erakunde kolaboratzaileetako instruktoreek (ohiko kolaboratzaileak barne). 

Kolektibo zaurgarriagoei %30eko abantaila eskaintzen zaie, hala nola: kategoria bereziko familia ugariei; % 33ko (edo gehiago) desgaitasuna duten pertsonei; familian % 65eko desgaitasuna edo handiagoa duen kideren bat duten pertsonei (helbide berean erroldatuta badaude); terrorismoaren biktimei (baita hauen ezkontideei, ondorengoei eta haiek harreran hartutako pertsonei) edo genero-indarkeriaren biktimei. 

Profesionalen prestakuntzarako programa bereziak 

Hezkuntzako profesionalei zuzenduriko Irakasteko ikasten programa berezia laguntzen dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eta onuradunek %15eko beherapena dute izena ematerakoan. UIKk Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin duen lankidetzari esker, aldiz, %75 beherapena dute EAEko osasun publikoko profesionalek. Halaber, zenbait ikastarotan abantailak dituzte EAEko Psikologia Elkargoko eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko kide diren profesionalek. 

Euskara eta kultura sustatzeko pizgarriak 

UIKk euskararekiko eta euskal kulturarekiko duen konpromisoari jarraiki matrikula berezia dute euskarari eta kulturari atxikitako ikastaroek. Gauzak horrela, onura bereziak dituzte euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatuetako kide diren zentroetako irakasleek eta ikasleek, EAEko kultura etxe eta liburutegietako bazkideek, Donostia Kulturako bazkideek eta elkar Taldeko bazkideek. %15eko beherapena dute guztiek UPV/EHUko Uda Ikastaroetan izena ematerakoan. 

Ostatu beka 

Prezio politikaren baitan "Murrizketa orokorrak" eta "Salbuespenak" ataletan aipatzen diren eta ikastaroa egiten den lurraldean bizi ez diren kolektibo guztiek 25 euroko ostatu beka eskatzeko aukera izango dute. Baldintzei buruzko informazio osoa eskuragarri dago hemen

Egiaztagiriak 

Tarifa murriztuez baliatu ahal izateko, matrikulazio prozesuan dagokion egiaztagiria erantsi behar da. Tarifei eta baldintzei buruzko informazio guztia hemen eskura daiteke.